Bi gipuzkoarrek 7 etapatan zehar Marokoko geografia ezberdinak zeharkatuko dituzte, autoaren eta euren erresistentzia frogatuz. Helburua argi dute, esperientzia pertsonalaz gain, bertako hezkuntzaren garapenean parte hartzea.
Maialen LIZARRIBAR

Astebetez jardungo dute Iñaki Landa, alegitarrak eta Ander Ruiz, zarauztarrak Panda Raid zeharkaldian. Teknologia etxean utzita, ipar orratza, mapa eta euren zentzumenak izango dituzte lagun bakarrak abenturan.
Solidaritatea
“Asociación Camino al Sur” izeneko elkarteak Marokoko eskolen gabeziak asebetetzea helburu duenez, garapenerako programa bat hedatu du. Honen bidez, proba hau materiala lortu eta hezkuntzaren arlorako oinarrizko beharrak hornitzeko bide da.
Helburu nagusietako bat Marokoko eskola ezberdinen “garapenean” parte hartzea dela azpimarratu du Landak: “Ezin uka daiteke hezkuntza, garapenerako ezinbesteko giltza izateaz gain, gazteen soziabilizatzeko erreminta nagusia ere badela”. Hori dela eta, auto bakoitzak 20kg eskolako material edo kirol material eman beharko du zeharkaldira. Ondoren material guzti hori, zeharkaldia igarotzen den 2200 ikaslek osaturiko komunitate ezberdinetan banatuko dela gaineratu du Ruiz, partaideak.
Panda Raid
Aurten zortzigarren edizioa ospatuko da martxoaren 5etik 12ra. Basamortuan barrena egiten den ibilbide luzeko abentura da. Panda auto bat, bi pertsona eta kilometro luzeak aurretik.
Gaitasun fisiko eta mentalak proban jartzen diren esperientzia da, jakintza mekanikoak ezinbestekoak direnak. Gidatutako bidaia batetik urrun, norberaren ardura da, etapetan zehar, kontrol puntuetara iristea.
Proba honen berezitasuna, bertan erabili daitezkeen auto modeloetan datza. Izan ere, Seat Panda, Marbella eta Fiat Panda dira, zeharkaldi ospetsu honetan erabili daitezkeen hiru auto motak. Honen arrazoia, beraien “sinplezia mekanikoa” nahiz “prezio baxuak” direla nabarmendu du Ruizek.
Gipuzkoarrei dagokienez, "Ez Dok 13" izenean, Marbella autoarekin hartuko dute parte Marokoko desertu inguruan.
Prestaketa
Proba honi begira hainbat prestaketa egin behar izan dituzte, atal mekanikoarena kasu, hala azaldu du Landak: “ auto mota hau ez dago prestatuta desertua zeharkatzeko, eta orduan prestakuntza berezi bat jasan behar izan du”. Autoa abenturarako bide den aldetik, alderdi garrantzitsua izan dela eta ordu kopuru handia behar izan dutela azpimarratu du alegitarrak: “Gure autoak lur ezberdinetan zer portaera daukan jakin behar dugu, arazorik izan ezkero konpontzeko eta behin Marokon egonda arazorik ez izateko”.
Babesleak bilatzeko bideari ere garrantzia eman diote bi euskaldunek, hauek gabe abentura honetan parte hartzea “zaila” izango litzaiekeela nabarmenduz: “Ikasleak garen aldetik, probarako baliabideak lortzeko laguntza behar izan dugu”, dio Landak.
Autoaren prestakuntzaren atal handi bat ekonomizazioa izan dela nabarmendu du Landak:"Ahalik eta diru gutxien gastatzen saiatu gara autoaren prestakuntzarako". Birziklatutako materialez baliatu dira, auto desguazeetan aurkitutako piezen bidez osatu dute autoa abenturarako.
“Hezkuntza garapenerako ezinbesteko giltza izateaz gain soziabilizatzeko erraminta nagusia ere bada”
Iñaki Landa, partaidea.
Proiektu honetarako arma garrantzitsuenetarikoa eskuratutako baliabide ezberdin horiek birziklatzea izan dela, ondoren autoan erabili ahal izateko azpimarratu dute gipuzkoarrek.
Atal honetan irudimena ere "ezinbesteko" gertatu zaiela azaldu du Ruizek:"Autoen mekanikaren inguruan dugun ezagutza erabili dugu piezak kolokatzeko".



