top of page

“Marokoarrei Euskal Herritik gure solidaritatea erakutsi nahi diegu”

Iñaki Landa- PARTE HARTZAILEA

2015/12/15

Maialen LIZARRIBAR

Zergatik zeharkaldi honetan parte hartzearen ideia?

Hezkuntzaren bidez txikitatik gizartean integratzen ikasten dugu, bai ikastoletan, nahiz kirol talde ezberdinetan. Herrialde guztiei zaie beharrezkoa, eta guk baliabide bidez laguntza eman nahi diegu, Marokoko herrialdeari kasu honetan.

 

Zer lortu nahi duzue abentura honekin?

Honekin munduaren ikuspegi desberdin bat gehiago lortzea, eta noski, gauza guztien gainetik, Marokon aurkitzen diren gazte eta ume guztiei Euskal Herritik gure solidaritatea erakustea gustatuko litzaiguke.

 

Pena merezi al du probak suposatzen duen esfortzuak?

Erantzuna argi dut eta baiezkoa da. Merezi du gure denbora eta dirua erabili izanak, ez da xahutze bat, niretzat guztiz kontrakoa da, inbertsio moduan ikusten dut. Herrialde bateko hezkuntzan kolaboratzea dago helburutzat.

 

Atal mekanikoen beharrei nola erantzun diezue? Nondik datorkizue honen jakintza?

Lehenik eta behin, argi utzi beharra dago auto hauek ez daudela berez prestatuta desertuko errepideetan ibiltzeko. Desertu batean eta lurrezko errepideetan ibiltzearen lehenengo desabantaila, lurraren irregulartasuna da, beraz, autoaren malgukien egoera aztertu behar izan dugu eta ahal den neurrian ezaugarri hauek egokitu berauen iraupena ziurtatzeko.

Galderari zuzen erantzunez, atal mekanikoen beharrei esan dezaket pazientziaz, lan gogorreko ordu luzez, eta nola ez, irudimen apur batekin erantzun diegula. Auto desguazeetan bilduriko piezen bidez.

 

Betidanik izan dugu autoen mekanikarekin erlazio apur bat gure ingurukoekin, beraz, jakintza hortik datorkigu batik bat. Ezin da ahaztu, ordea, jende ezberdinek eskaini diguten laguntza, bai iritzien bidez edo beraiek ere eskuak zikinduz.

Nondik sortu zitzaizuen abenturaren ideia eta nondik ezagutzen zarete?

Egia esan, abenturaren ideia hau ezerezetik sortu zen. Anderrek, Marokora bidaia bat egin zuen ikasturtean zehar eta bertan antzeko beste abentura batean parte hartzen ari ziren beste 3 euskaldunekin hitz egiteko aukera izan zuen. Unibertsitatera bueltatu zenean eta noski, nire autoenganako interesa ezaguturik, abenturaren berri eman zidan. Berehala hasi ginen autoen topaketan nahiz abenturarako beharrezko informazioa biltzen.

 

Biok, itsas ingeniaritzako graduan gaude Euskal Herriko Unibertsitatean, eta urte berean sartu ginenez biok gradu honetan klase kideak gara. Hortik ezagutzen dugu elkar.

 

Ze prozesutan zaudete orain, nola prestatzen zarete probari begira?

 

Momentu honetan, autoa mekanikoki prestaturik dago. Egiten ari garen gauza bakarra kanpotik eta barrendik txukuntzea da batik bat, esertokietako tapizeria aldatuz eta aldaketa ezberdinak eginez autoaren barnean gure erosotasunerako batik bat.

 

Entrenamenduen garrantziaren beste alderdi bat autoa gidatzeko modua da, izan ere ez da berdina autoa errepidean gidatzea edo mendian barrena, gidatzeko modua asko aldatzen da.

 

Fisikoki ere prestatzea garrantzitsua dela. Desertuko tenperatura aldaketek, autoak izan ditzaken edozein arazo edo gidatzeko ordu luzeei modu egokian erantzuteko ezinbestekoa da prestakuntza fisiko on bat izatea.

 

Laguntzaileak lortzeko orduan ze zailtasun topatu dituzu, nola lortu dituzu?

Laguntzaileak aurkitzeko zailtasun izugarriak izan ditugu, beno, laguntzaile ekonomikoei dagokienez, izan ere, ez gaude garai oso onean laguntza bat eskatzeko edozein enpresa edo erakunderi. Hala eta guztiz ere, oso eskertuta aurkitzen gara beste modu batean lagundu ditugun guztiei, bai beraien iritzien bidez edo baita ere donatutako produktu nahiz piezekin.

Ikasle zareten aldetik baliabideei dagokienez nola moldatu zarete?

Autoaren prestakuntzaren atal handi bat ekonomizazioa izan da, hau da, ahalik eta diru gutxien gastatzen saiatu gara autoaren prestakuntzarako. Horregatik, erabili ditugun gauza gehienak birziklatuak izan dira, oso gauza gutxi erosi behar izan dugu.

Proiektu honetarako gure arma garrantzitsuenetarikoa beraz, jende ezberdinarekin kontaktatzea izan da eta eskuratutako baliabide ezberdin hauek birziklatzea autoan erabili ahal izateko. Atal honetan ezinbesteko gertatu zaigu irudimenaren erabilera ere.

Azkenik ez dago esan beharrik, gure laguntzaile garrantzitsuenak hasiera batetik gure familiak izan direla. Beraiek gabe ezinezkoa izango zen proiektu hau gauzatu ahal izatea, beraz, bihotz bihotzez eskertu nahi diegu emandako guztiagatik.

elkarrizketa gehiago

"Haur gaiak lortu nahi ditugu"

 

Ane OTERMIN-IRAKASLEA

bottom of page