Euskal Herriko lehenengo Baso Eskola proiektua aurrera eramateko pausoak ematen jarraitzen dute Orendainen (Gipuzkoa). Natura eta hezkuntza askean oinarritutako hezkuntza bultzatu nahi dute 200 biztanletara iristen ez den herri honetan.
Lehen urratsak
Herriko guraso talde batek jarri zuen abian proiektu hau, natura eremuaz baliatuta, euren haurrek herrian bertan hezteko aukera izatea da proposamena, gurasoen arabera: āBaso Eskola funtsean gela naturan izatea da, basoan. Natura izatea ikasgela, eta idazten, irakurtzen, matematikak lantzen, gauza guztiak egitea naturak eskaintzen dizkigun aukerez baliatuta. Ez izatea gela batean itxita, baizik ingurunearekin, mugimenduan, naturarekin harreman zuzenean".
Herrian 0-3 urte bitartekoentzako haur-eskola dute, horri jarraipena emanda, 3-6 urte bitartera luzatu nahi dute haurrek bertan hezkuntza jasotzeko aukera. Modelo honen bidez, aire librean haziko lirateke.
Sei urte betetzean eskolara joango lirateke bertan jasotako ikaspen eta bizipenekin. Geldi egoteko edota arreta jartzeko gaitasun gehiago garatzea lortuko luketela zehaztu du Ane Otermin, irakasleak:"Errespetatu diren haurrak izango dira, ondorioz arauak errespetatuko dituztenak".
Proiektuaren egoera
Baso Eskola sortzeko lan talde ezberdinak eratu dituzte, hala nola, talde pedagogiko, ekonomikoa, gizarteratzekoa eta baita basoetaz arduratzen dena ere.
Talde pedagogikoa marko pedagogikoa osatzen dabil eta baita familien formakuntza antolatzen ere.
Talde ekonomikoa finantzaziorako laguntzak bilatzen eta jasangarritasun plana gauzatzen ari da. Alor honetan, "azken bultzada" bat falta zaiela azaldu du Itziar Claver, hezitzaileak: "Proiektu honetan sinesten duen norbaitek ekonomikoki laguntza ematea falta zaigu". Guztiek oso proiektu interesgarritzat jotzen dutela baina oraindik inor ez dela dirua jartzera arriesgatu gaineratu du irakasleak.
Itziar Claver, hezitzailea: "Aniztasuna eta haur bakoitzaren erritmoa errespetatuko duen eredua lortu nahi dugu"
Maialen LIZARRIBAR eta Eneko Elezgarai
Orendaingo Baso Eskola sare sozialetara ere zabaldu da Twitter eta Facebook kontuen bidez. Bertan, hurrengo 2016-2017 ikasturteari begira, gizarteratzeko asmoa dute proiektua.
Eskualde osora zabaldua dago seme-alabak Baso Eskolan izen emateko aukera.
Baso Eskola eredua
Haurrak egunero naturarekin harremanetan egongo dira; kalean eta naturarekin kontaktuan egotea beharrezkoa eta oso onuragarria dela probatuta dago. Haurraren garapen kognitibo zein bere osotasunerako oso osasungarria da, naturan ongizate fisiko zein mentala bermatuta dago eta ikerketa ezberdinek haurrak gutxiago gaixotzen direla ziurtatu dute.
Naturan gaitasun eta trebezi motore, kognitibo eta emozional ezberdinak garatzeko aukera dutela azaldu du Claverrek: "Egunero mendira doan haurrak laua ez den terrenoetan mugituta gaitasun motore gehiago garatuko ditu, ikaskuntza esanguratsuak lortzen dituen bitartean".
Haurrarengan sinistu eta "gaitasunez" betetako pertsona bezela ikusten duen eskola izango dela azpimarratu du Oterminek: "Haurraren beharrak eta erritmoa kontutan hartu eta errespetatuko duen eredua da, benetako protagonismoa emango diona".
Ohiko hezkuntza estandarizatua dago, ume guztiei berdina eskatu eta erakusten zaie. Materia berdina lantzen da. Plastikozko molde hori apurtu nahi dutela azaldu dute bi irakasleek: "Haur guztiek ezin dute momentu berdinean garapen berdina lortu, erritmoa errespetatzea beharrezkoa da".
Egunero, haurrek beraien interesetatik abiatuta naturan ematen diren aldaketez ohartzeko aukera izango dute, material ezberdinak aurkitu, ikertu, hipotesi desberdinak sortu eta hauek konprobatzeko saiakerak egin ditzakete besteak beste.
Gelan material ez estrukturatua dagoela eta basoan materialak lotura duela azaldu du Claverrek:"Klima aldaketak, urtaroak, ez daude azaldu beharrik, umeek euren bizipenetatik ikasten dute gauzen aldaketa, horrek suposatzen duen denbora errealaren bidez".
Baso Eskolak "bizipenak" dituela oinarri zehaztu du Oterminek: "Errealitatea paper batean eman beharrean gu goaz errealitate hori ezagutzera".
Haurra da bere ikaskuntzaren protagonista, interes propioetatik abiatuta, natura espazioa eta bizimodua lehen pertsonan ezagutuko lituzke.
Gelatik kanpoko hezkuntza aberatsagoa dela eta ez hain limitatua azaldu du Oterminek: "Naturak aniztasun mugagabea eskaintzen du, zuhaitzak kontatzea, bildutako fruitu kopurua...".
"Haur gaiak lortu nahi ditugu"
Ane OTERMIN-IRAKASLEA

"Nola lortu haur baten ikasteko interesa piztea?"
Hezkuntza eredu askoren artean Orendaingo gurasoek Baso Eskolaren aldeko apustua egin dute. Eredu honek "erantzuten" diola ondoen haurren ikasteko gogoa pizteari azaldu du Laida Plazaola, gurasoak. "Guraso bezela Baso Eskolaren alde nago, 3-6 adin tarte bitartean oraindik haurrak ez direlako materia barneratzen hasten", hala azaldu du. Metodo honetan "esperimentazioaren bidez" norberaren limiteak eta autoestima bezelako kriterioak lantzen direla azpimarratu du.
